XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) guk maitasun deitzen duguna;

eta hori, ez maitasun horrek giza grinaren batekin inolako antzik duelako, baizik eta guk, munduarekin duen erlazioa eta munduko gauzek elkarren artean dutena antzekotzat eman genitzakeelako.

Hala ere, erlazio-kontzeptua kategoria hutsa da hemen, hots kausa-kontzeptua, eta honek ez dauka zerikusirik sentsibilitatearekin.

Hona nik esan: Kausa gorenaren kausalitatea munduarentzat zer den, horixe da giza arrazoia bere arte-lanentzat.

Hala ere, ezezagun gelditzen da niretzat kausa gorenaren beraren izaera: nik egiten dudana ez da besterik: nik ezagutzen dudan haren efektua (mundu-ordena) eta haren arrazoizkotasuna konparatzen ditut, nik ezagutzen ditudan giza arrazoiaren efektuekin, eta kausa goren hori arrazoi deitzen dut, baina horregatik, nik esamolde horren azpian gizakiagan ulertzen dudana, edo bestela nik ezagutzen dudan edozer, horri berekitasuntzat aplikatu gabe.

Nire etengabeko asmoa izan da Kritikan zehar, arrazoi hutsaren izaeraren ikerketa hobe zezakeenik ezertxo ere galtzen ez uztea, ezta hori ezkuturik ezkutuenean egongo bazen ere.

Gero norberaren gogara gelditzen da, zenbateraino sakondu nahi duen bakoitzak bere azterketa, behin erakutsi zaionean, zein diren oraindik egiteko moduan dauden azterketak;

ba hauxe da zerarengandik bidezki espero izan daitekeena, zeinak bere asmotzat hartu baitu alor hau guztia mugatzea, gero alorra landu eta norberaren gogara partitzeko ardura beste batzuen eskutan uzteko.

Horixe da bi eskolioen tokia ere, beren elkorraren elkorrez nekez baitira afizionatuei gomendatzeko modukoak, eta horregatik adituentzat bakarrik azaldu dira.

Inola ere ez goimailako.

Dorre altuak eta horien antzeko diren Metafisikako gizon handiak, bi horien inguruan haize handia ibiltzen baita gehienetan, horiek ez dira niretzat.

Nire lekua, esperientziaren Bathos emankorra da, eta transzendental hitzak, zeinaren esanahia, nik hainbeste bider aditzera eman dudana, ulertu ere ez baitu egin kritikoak (holakoxe axaletik aztertu du hark dena), esan nahi du, ez edozein esperientzia baino harago dagoen zerbait, baizik eta, esperientziaren aurretik (a priori) doan arren, esperientziazko ezagutza posible egitea beste helbururik ez duena.

Kontzeptu hauek esperientzia baino harago badoaz, orduan esaten da, horien usaera transzendentea dela eta berezi egiten da usaera inmanentetik, hau da, esperientziara mugatzen den hartatik.

Nahiko ahaleginak egin dira idazlanean zehar honelako interpretazio okerrak baztertzen: kritikoak bakarrik aurkitu du abantailarik interpretazio okerretan.

Benetako idealismoak helburu ameslaria izan du beti, eta izan ere ezin du besterik eduki;

baina nireak bilatzen duen bakarra da, ulertzea, ea nola den posible guk esperientziako objetuak a priori ezagutzea; (...)